XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gogo txarreko tratua

NERE ikuilluan gertatu zan.

Lau bat txekor beti izaten genituan etxean.

Orduan ere bai. Aietako bat gaixotu egin zitzaidan.

Bere ondoko leioa irikita nunbait gertatu eta aize otzak gaixotu zuan.

Deitu nion albaitero edo beterinarioari.

Etorri zitzaidan don Inazio Markuleta, gizon jatorra benetan.

Eun da berrogei bat kilo inguruan ibiltzen zan.

Bazuan aundian aiña onean.

Begiratu zion ondo, belarria petxu parean jarrita. Esan zidan:

- Onek katarro txar bat arrapatu du. Bearbada, emen korrienteak artuko zuan.

- Emaiozu iru pastilla egunean: goizean. eguerdian eta gauean.

Gaur ez naiz gogoratzen pastillaren izena.

Aundiak ziran; bost duroko moneda aiña bai.

Txikitu ta uretan beratuta ematen nion.

Botilla batetik saiatu nintzan alegiña, baiñan alperrik.

Deitu nion albaiteroari illabetea pasatu zanean.

Etorri zan zintzo.

Begiratu zion belarria jarrita.

-Gutxi aurreratu du -esan zidan.

- Emaizkiozu iru pastillak goizean, danak batera. Jarriko da; lasai egon.

Esperantza ematen zidan.

Poztutzen nintzan bere esanarekin, baiñan triste segitzen zuan.

Egun batean, emandako pentsu dana jaten zuan; urrengo egunean, erdia bertan utzi.

Barrenak etzion eskatzen.

Irabazten zuan zerbait, baiñan gutxi.

Aspertuta nengoan.